Aurreko mendearen erdialdera arte, gizarte-zientzietan, ikerketak ikuspegi kuantitatibo hertsia izan ohi zuen, natura-zientzien berezkotzat jotzen zen metodo zientifikoak zuzenduta. Ikuspegi horri, tradizioz, ezaugarri hauek esleitu izan zaizkio: esperimentazioa, objektibotasuna eta legeen egiaztapena eta frogaketa; horiei esker, aurrerapen handiak egin dira ezagutzan. Alabaina, paradigma enpiriko eta analitiko hori ez da beti egokiena gizarte-zientzien ezagutzan aurrera egiteko (natura-zientzietan paradigma posible bakarra hori izatea ere eztabaidagarria da). Zenbait arrazoi daude: aztertu beharreko gertakariak askotarikoak direnez (politikoak, sozialak, historikoak) eta elkarren arteko elkarrekintza dagoenez (ezin dira banandu), diziplina arteko ikuspegia behar da; ezin dira laborategi batean errepikatu, gizakien banakako eta taldeko portaerarekin zerikusia dutelako, eta hori aldakorra da, eta, beraz, zailagoa da aurreikuspenak egitea.
Hegoaren Giza Ekintzari eta Garapenerako Lankidetzari buruzko Hiztegiaren arabera, Ikerketa Ekintza Parte-hartzailea ”errealitatea ikertzeko eta ikasteko metodo kolektibo bat da, zeina analisi kritikoan oinarritzen den, eta zeinetan nahastutako taldeek aktiboki parte hartzen duten; metodo horren helburua jardunbide eraldatzailea eta gizarte-aldaketa suspertzea da”. Definizio horrek barne hartzen du Ikerketa Ekintza Parte-hartzailearen ezaugarri nagusietako bat: landu nahi diren arazoen eraginpeko pertsonak dira prozesu osoaren protagonista nagusi eta ezinbestekoak. Eta ezaugarri horrek bereizten du Ikerketa Ekintza Parte-hartzailea ikertzeko modu tradizionaletik, zeinean pertsona edo talde gaitu batek errealitatearen alderdi bat lantzen duen, hipotesi bat esperimentu bidez egiaztatzeko zein hura deskribatu edo aztertzeko. Horrelako ikerketetan, ikertzen den komunitatea (edo ikerketa eskatu duena) mendeko maila batean dago eta ez du prozesuan parte hartzen; hala, ondorioak soilik ezagut ditzake.
Aldiz, Ikerketa Ekintza Parte-hartzailean, parte-hartzeak esan nahi du proiektuan nahastutako komunitateak ere prozesuan parte hartzen duela, ikertzaile profesionalez gain; hain zuzen ere, komunitatea ez da ikerketa-objektu hutsa, bere errealitatea ezagutzen eta eraldatzen laguntzen duen subjektu aktiboa baizik. Ekintza ez da ikerketaren azken helburua soilik; aitzitik, ekintza bera ezagutza-iturri bat da, ikerketa egitea esku hartzeko modu bat den heinean. Teoria eta praxia batzen ditu, eta aukera ematen die herritarrei ikasteko, beren errealitateari buruzko kontzientzia kritikoa izateko, ahalduntzeko, indartzeko eta beren sare sozialak zabaltzeko, bai eta mobilizazio kolektiborako eta ekintza eraldatzailerako ere.
Liburu hau Hegoa Institutuko Dokumentazio Zentroan dago eskuragarri.
Haren bertsio digitala ere eskuragarri dago Hegoaren